MAIZ EGINDAKO GALDERAK

Izena ematea
Parte hartu al dezaket erronkan izenik eman gabe?

Inork ezin dizu debekatu euskaraz egitea, are gutxiago guk geuk. Bejondeizula zuri gainera, euskaraz egin nahi duzun eta egiten duzun horri! Horretarako, ez da inon izenik eman beharrik. Hori esanda, gogoan izan “Irten armairutik” herri-erronka gisa planteatu dugula, eta erronka guztiek bezala gure erronka ere neurtu egin behar dela. Hori da modu bakarra helburua lortu dugun ala ez jakiteko. Beraz, erronkari dagokionez, izena ematen duten pertsonak baino ez ditugu zenbatuko. Izena emateak aukera ematen digu erronkari jarraipen zehatza emateko. Horregatik, erronkaren ikur gisa bi txapa kaleratuko ditugu, haietako batek Belarriprest gisa ariko direnak identifikatuko ditu, eta besteak Ahobizi gisa ariko direnak. Txapa horiek eskuratu ahal izateko ezinbestez izena eman behar duzu.

Nola eman behar da izena Ahobizi eta Belarriprest izateko?

Fitxa bat bete behar duzu. Fitxa paperean aurki dezakezu diptiko batean. Herriko elkarte eta erakunde guztietan aurki dezakezu, eta begi bistan ez balego, eskatu zeure erakunde edo elkartearen arduradunei. Herriko hainbat eta hainbat denda, taberna eta lokal publikoetan ere izango duzu. Era berean, hurbil zintezke, nahi izatera, Ttakun Kultura Elkartera edo Udaleko Euskara Zerbitzura. Paperean izan ordez, web orriaren bidez ere egin dezakezu. Sar zaitez “40egun.euskararenmaratoia.eus” webgunean eta bertan eman dezakezu izena. Sakelako mugikorrak erabiliz gero, bertatik izango zenuke aukera gure webgunera iristeko.

Non entregatu behar da fitxa?

Fitxa paperean betez gero, Ttakun Kultur Elkartera edo Udaleko Euskara Zerbitzura eraman behar duzu. Web orriaren bidez eginez gero, zuzenean iritsiko da fitxa gure eskuetara.

Noiz eman behar da izena?

Izena emateko kanpaina honezkero zabalik da maiatzetik aurrera. Beraz, gaurtik aurrera izena eman dezakezu. Orain hasi eta Maratoiaren ekitaldira bitartean aukera izango duzu izena emateko. Maratoia bukatzen den egunean (urriaren 23an) izango da horretarako azken eguna. Ordurako jakin beharko genuke zenbat pertsona garen erronkari eusteko prest.

Nola jakingo du jendeak erronkan parte hartzen dudala?

Izena ematerakoan, zehaztu beharko duzu nola aritu nahi duzun erronkan: Belarriprest gisa edo Ahobizi gisa. Txapa bana emango diogu bakoitzari. Txapa horrek pertsonaren egitekoa identifikatuko du jendearen aurrean. Horregatik, txapa hori beti eraman beharko da gainean eta agerian erronkak irauten duen bitartean. Txapa hori eskuratzeko, ezinbestean izena eman behar duzu, fitxa beteta. Hala ere, fitxa orain beteta ere, Belarriprest baldin bazara, txaparen bila joan egin beharko duzu Maratoiaren asteburuan Okendo plazara (urriak 22-23; eguna eta ordua aurrerago jakinaraziko dizkizuegu), eta han horretarako espresuki jarritako mahaian jaso beharko duzu. Ahobizi baldin bazara, berriz, erronkan parte hartuko duzuen astean hitzordua jarriko dizuegu aste horretako Ahobiziei eta han emango dizugu txapa.

Nola erabiliko dira nire datu pertsonalak?

Zure datu pertsonalak kanpainaren arduradunek soilik erabiliko dituzte zurekin harremanetan jartzeko. Datu horiek ez zaizkio inongo kasutan ere hirugarren pertsonari edo erakunderi emango. Bestelako datuak ikerketaren helburuarekin erabiliko dira (gogoan hartu gure erronkari ikerketa lotu diogula, emaitzak zehazki neurtzeko eta ondorio garbiak atera ahal izateko). Datu horiek era anonimoan (izenik gabean) landuko dira estatistika orokorrak egin ahal izateko.

Ahobizi izatea
Euskaltzalea naiz ni. Normalean saiatu egiten naiz euskaraz egiten eta oraingoan ere saiatuko naiz, hori al da Ahobizi izatea?

Ahobizi izateko ez da aski euskaraz egiten saiatzea. Ahobizi izateak esan nahi du jendearen aurrean hitza eman duzula. Eta hitza eman duzu astebetez beti egingo duzula euskaraz ulertzen duten guztiekin, haiek ezagunak izan edo ezezagunak izan. Erronka bat da. Eta erronkak bete egin behar dira, ez da aski saiatzea.

Bestalde, Ahobizi izateko, izena eman behar duzu, eta nolabait, neurtu behar dugu ea erronkari benetan eutsi diozun ala ez

Ahobizi izanda, euskaraz egin behar al diot erdaraz erantzuten didanari?

Zure solaskideak euskaraz ulertzen baldin badu, orduan beti erantzun behar diozu euskaraz, nahiz eta hark zuri erdaraz erantzun. Badira pertsona batzuk euskaraz ulertu bai, baina hitz egiteko erraztasun nahikorik ez dutenak. Haiek ulertzen dizute zuri euskaraz egiterakoan, baina asko kostatzen zaie euskaraz egitea. Haiek erdaraz egiteagatik ez du esan nahi euskaraz ulertzen ez dizutenik. Horregatik, ulertzen dizutelako, zuk beti egingo diezu euskaraz. Hauxe da gure erronkaren zatirik interesgarrienetarikoa.

Eta ezezagunekin elkartzerakoan zuk lehen hitza beti euskaraz egingo duzu. Ulertzen badizute orduan zuk euskaraz jarraituko duzu, nahiz eta haiek erdaraz egin. Zuk esandakoari egoki erantzun badiote euskaraz ulertzen dutela esan nahi baitu horrek. Ulertzen ez dizutenekin ez duzu euskaraz egin beharrik.

Astebetez Ahobizi izanda, jarraitu al dezaket hurrengo asteetan ere?

Bai, jarrai dezakezu jokaera bera erakusten. Are gehiago, horrela egingo bazenu, horrek adieraziko luke erronkak bere benetako helburua lortu duela, hau da, hizkuntzaren armairutik irten zarela, eta erronkaren bultzadaz baliatu zarela euskarazko jokaera ohiko bihurtzeko.

Hala eta guztiz ere, erronka kolektiboaren ikuspegitik –erronka orok baitu joko puntu bat- zure Ahobizi parte hartzea behin bakarrik zenbatuko genuke. Emaitzak zenbatzeari begira esango genuke zure parte hartzea astebetekoa izan dela.

Nik dagoeneko euskaraz egiten diet ulertzen duten guztiei, Ahobizi izateko izena eman beharko al nuke?

Bai, izena eman beharko zenuke. Izenik emango ez bazenu, ezin izango genuke zure parte hartzea zenbatu, ez eta zure datuak ikerketan erabili ere. Hortaz, mesedez, eman izena bertan, egunero egiten duzuna islatuta ikus dadin erronka kolektiboan.

Ahobizi izan nahi dut. badauzkat lagun batzuk euskaraz ulertu bai baina zailtasunez hitz egiten dutenak: haiei ere euskaraz egin behar diet?

Bai, haiei ere euskaraz egin behar diezu erronkan ariko zaren astebetean. Honek ,“ulertu bai, baina zailtasunez”, esan nahi du pertsona horri poliki eta modu errazean hitz egiten badiozu ulertuko dizula. Agian modu batez esan eta ez dizu guztiz ondo ulertu, baina zuk orduan beste modu batez esan, agian modu errazagoan adierazita, eta ulertuko dizu. Erronkaren aste honetan prest egon behar duzu zure hizkera moldatzeko (errazteko), hala behar izanez gero. Pazientzia pixka bat erakustea ere eskatuko dizu horrek.

Astebetez Ahobizi izan eta gainerako bostetan Belarriprest izan naiteke?

Bai, hori izan daiteke. Ahobizi gisa izena ematerekin batera, beste bost asteetarako Belarriprest gisa ere izena emanda geratuko zara zuk bestelakorik esan ezean, eta jakina, Belarriprest-txapa ere emango zaizu

Ahobizi izan nahi dut. baditut lantokian lankide berri batzuk eta ez dakit euskaraz ulertzen duten ala ez, zer egin behar dut haiekin?

Erronka-astean berdin jokatu behar duzu ezezagun guztiekin: lehen hitza beti euskaraz egingo diezu. Haien erantzuna entzunda jakingo duzu euskaraz ulertzen duten ala ez. Berdin du haiek euskaraz edo erdaraz erantzuten dizuten. Zuk euskaraz zerbait esan eta haiek elkarrizketa modu egokian jarraitzen badute (nahiz eta erdaraz), horrek esan nahi du euskaraz ulertzen dutela, eta, hortaz, zuk beti egingo diezu euskaraz.

Lasarte-oriatik kanpo egiten dut lan, horko lankideekin ere euskaraz egin behar al dut, Ahobizi izan nahi badut?

Zuk hala nahi baduzu bai, eta nahi ez baduzu ez. Hau da, erabaki hori zure esku gelditzen da. Gure erronka kolektiboak konpromiso mugatua bakarrik eskatzen dizu: astebetez eta Lasarte-Oria barruko harremanetan aritzea Ahobizi gisa. Gure erronka Lasarte-Oriara mugatzen da, eta bertan zaudenean bakarrik eraman behar duzu Ahobizi gisa identifikatzen zaituen txapa. Erronkak ez du ezer esaten Lasarte-Oriatik kanpoko eremuez. Hor aske zara zure jokabidea erabakitzeko.

Lasarte-oriatik kanpo ere jokatu behar dut Ahobizi gisa?

Erronka kolektiboak Lasarte-Oriako eremuaren barruan gertatzen denari eragiten dio eta ez besteri. Hortaz, Lasarte-Oriatik kanpo zarenean ez duzu Ahobizi txapa gainean eta agerian eraman beharrik , ez eta Ahobizi gisa jokatu beharrik. Eremu horiek guztiak gure erronkatik kanpo gelditzen dira. Hala ere, eremu horietan ere Ahobizi bezala jokatzea erabakiko bazenu, ongi etorria. Horrek adieraziko luke erronkak benetan eragin nabarmena izan duela zugan. Baina, hori zure erabakia da, eta ez da erronkaren neurketaren barruan sartzen.

Ahobizi izan nahi badut, denbora asko eskatuko al dit dinamika horrek (bilerak, prestakuntza saioak, eta abarrekoak…)?

Bi saio izango dira. Lehenengoa, erronka-astea hastearekin batera izango da, 60-90 minutu ingurukoa. Bertan, galdetegi labur bat bete, prestakuntza ariketa bat egin eta Ahobizi-txapa banatuko da. Bigarrena, erronka-asteari bukaera emateko izango da, 30 minutu ingurukoa. Bertan, galdetegi labur bat bete eta txanda emango zaio Ahobizien hurrengo taldeari.

Ahobizi izan nahi nuke, baina ez nuke nahi nire izena edo argazkia Txintxarrin edo bestelako argitalpen publikoan agertzea. hori izan al daiteke?

Inoren izenik ez da inon argitaratuko. Zure izena eta helbidea erronka-arduradunok erabiliko ditugu zurekin harremanetan jartzeko eta ez besterako. Argazkiei dagokienez, oso litekeena da argazki kolektibo batzuk argitaratzea. Baina, zuk haietan atera nahi izango ez bazenu, erronka-arduradunei esatea besterik ez duzu, eta zure nahia aintzat hartua izango da. Argazki edo testigantza pertsonalak argitaratuko balira, pertsonaren baimen zehatzarekin argitaratuko lirateke.

Ahobizien txandaketa
Nola erabakiko da zein astetan egingo dudan erronka?

Guk behin-behineko banaketa egin eta jakinarazi egingo dizuegu zein aste egokitu zaizun. Nolanahi ere, egokitutako astea ondo ez badatorkizu, aldatzeko aukera izango duzu. Horretarako, nahikoa izango duzu guri jakinaraztea.

Nola egingo da Ahobizien txanda aldaketa?

Aste bakoitzean, erronkari ekingo dioten Ahobiziak bildu egingo dira erronka hasten den ostiral arratsaldean (salbu eta 1.txandakoak, Maratoian bertan hasiko baitira) eta zenbait aholku eta informazio emango zaie. Astea pasa ondoren, berriro ostiral arratsaldean, hitzordua izango dute astebeteko esperientzia horrek eman duena jaso eta partekatzeko, eta hurrengo taldeari txanda emateko.

Belarriprest izatea
Euskaraz nola edo hala ulertzen dut (ulertu bai, baina zailtasunez): ni ere Belarriprest izan al naiteke?

Bai, zu ere izan zaitezke Belarriprest. Batzuetan, ongi ulertzen ez baduzu, eskatu solaskideari berriz esateko baina beste modu batez, agian hitz sinpleagoak erabilita. Beti egongo da ulertzeko moduren bat.

Euskaraz nahiko ondo ulertzen dut baina kosta egiten zait euskaraz hitz egitea, ni ere izan al naiteke Belarriprest?

Bai, zu ere bai. Agian zailtasunak dituzu euskaraz egiteko, eta solaskideari erdaraz erantzuten diozu. Ongi. Hala ere, solaskidea erdarara pasatzen bada, esaiozu gozoki: “Euskaraz ulertzen dizut. Segi euskaraz, mesedez!”

Lasarte-oriatik kanpo ere jokatu behar dut Belarriprest gisa?

Erronka kolektiboak Lasarte-Oriako eremuaren barruan gertatzen denari eragiten dio eta ez besteri. Hortaz, Lasarte-Oriatik kanpo zarenean ez duzu Belarriprest txapa gainean eta agerian eraman beharrik, ez eta Belarriprest gisa jokatu beharrik ere. Eremu horiek guztiak gure erronkatik kanpo gelditzen dira. Hala ere, eremu horietan ere Belarriprest bezala jokatzea erabakiko bazenu, ongi etorria. Horrek adieraziko luke erronkak benetan eragin nabarmena izan duela zugan. Baina, hori zure erabakia da, eta ez da erronkaren neurketaren barne sartzen.

Identifikazio txapa
Noiz emango didate txapa?

Belarriprest bazara, txaparen bila joan egin beharko duzu Maratoiaren asteburuan Okendo plazara (urriak 22-23; eguna eta ordu zehatzak aurrerago jakinaraziko dizkizugu), eta han horretarako espresuki jarritako mahaian jaso beharko duzu.

Ahobizi baldin bazara, berriz, erronkan parte hartuko duzuen astean hitzordua jarriko dizuegu aste horretako Ahobiziei eta han emango dizugu txapa.

Beharrezkoa al da Ahobizi eta Belarriprest txapa egunero soinean eramatea?

Belarriprest baldin bazara, egunero eraman beharko duzu txapa, Maratoia bukatzen denetik (urriaren 23tik) Euskararen Egunera arte (abenduaren 3ra arte), hain zuzen. Txapa eramanda, herriko edonork, eta Ahobizi direnek bereziki, jakingo dute zuk gustura hartuko duzula haiek zuri euskaraz hitz egitea. Txaparik eramango ez bazenu, ez lukete hori jakingo. Beraz, erronkak irauten duen bitartean gainean eta agerian eraman behar duzu txapatxoa. Bai behintzat Lasarte-Orian zauden bitartean. Herritik kanpo zaudenean ez dizugu eskatzen txapatxoa gainean eramateko. Hala ere, zuk nahi baduzu ongi da, primeran dago.

Ahobizi baldin bazara, egokitu zaizun erronka-astean zehar eraman beharko duzu Ahobizi-txapa.

Txapa galdu dut, zer egin dezaket?

Ez horregatik kezkatu. Jo ezazu berriz herri-erronka bultzatzaileongana, eta izena emanda zaudela baieztatu ondoren beste txapa bat emango dizugu.

Erronkaren neurketa
Nola neurtuko da erronka bete den ala ez?

Astebeteko erronka bukatutakoan galdetegi bana pasako zaie Ahobiziei aste horretako hizkuntza harremanez galdetuta. Datu horietan oinarrituta erabakiko da Ahobiziak erronka gainditu duen ala ez.

Zer esan nahi du Ahobizi batek erronka gainditu duela?

Ahobizi batek erronka gaindituko du, baldin eta erronka-astean, % 80an lortu badu beti euskaraz egitea euskaraz ulertzen dutenekin izan dituen harreman guztietan.

Noiz emango dira erronkaren emaitzak?

Erronka Maratoia bukatutakoan (urriaren 23an) abiatuko da, eta, hortaz, Maratoiaren bukaeran bertan emango dugu jakitera zenbatekoa den Belarripresten eta Ahobizien kopurua. Beraz, partaideen kopuruari dagozkion emaitzak Maratoiaren azken egunean emango ditugu.

Erronka Euskararen egunean (abenduaren 3an) bukatzen da. Ahobizien erronka eta konpromisoaren betetze mailak orduantxe emango ditugu.

Nola emango dira erronkaren emaitzak?

Maratoiaren egunetan panel digital batzuek agertuko dituzte Belarripresten eta Ahobizien kopuruak. Egun hori iritsi baino lehen izena emateko kanpainaren emaitzak “erronkametro” batean ageriko dira Txintxarrin eta gure webgunean.

Erronka abiatu ondoren, astero emango dira partaideen eta betetze mailaren datuak Txintxarrin bezala webgunean ere. Azken datuak Euskararen Egunean bertan emango dira jakitera, berariaz antolaturiko ekitaldi publikoan.

Zer baldintza bete behar dira esateko “baietz 40 egun euskaraz” erronka kolektiboa gainditu dugula?

“Baietz 40 egun euskaraz” herri-erronka gainditu dugula esango dugu baldin eta lortu badugu 300 Ahobizi hartan jardutea eta beren konpromisoa % 80an betetzea.

Horrez gain, 3.000 Belarriprest hartan jardutea lortuko bagenu, orduan esango genuke erronka gainditzeaz gain nota bikainarekin gainditu dugula.

Zergatik 3.000 Belarriprest eta 300 Ahobizi kopuru horiek?

Lasarte-Oriako 16 urtetik gorako biztanleen artean (15.000 inguru), euskaraz ulertzen dutenen kopurua 9.000 inguru baldin bada, 3.000 Belarriprest eskuratzea % 30 besterik ez da. Eta euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua 5.000 baldin bada, 300 Ahobizi eskuratzeak % 6 aktibatzea ekarriko luke.

3.300 pertsonaren konpromisoa eskuratzea ikaragarrizko erronka da (16 urtetik gorako populazioaren %20), baina ehunekotan hitz eginda ez da hain kopuru handia Lasarte-Orian euskaraz ulertzen eta hitz egiteko gauza direnen kopuruarekin alderatuta. Aktibazio kolektiboaz hitz egiten ari bagara, horrek esan nahi du masa kritiko jakin batek abiarazi behar duela ekintzaren eragina kalean ikusgarri izan dadin, bestela ez baita haren jarduna antzematen. Nolanahi ere, ez dugu oraindik irizpide finkorik esateko masa kritiko horrek zenbatekoa izan behar duen, ikerketaren zati baita hori, eta ikergai daukagu.

Zalantzak argitzeko
Nori galdetu behar diot zalantzak argitzeko?

Web gunean harremanetarako txoko bat duzu eskura (info@euskararenmaratoia.eus). Zure zalantzak bertan idatzi eta guregana iritsiko dira zuzenean Ahalik eta tarterik txikienean erantzungo dizugu. Bestela, deitu lasai Ttakun Kultur Elkartera (943 371448) edo Udalek euskara-zerbitzura (943 376184).

HARREMANETARAKO
  • Ttakun Kultur Elkartea
  • Geltoki kalea 4, 20160 Lasarte-Oria
  • 943 37 14 48 - info@euskararenmaratoia.eus
  • Udaleko Euskara-zerbitzua
  • 943 37 61 84